www.Prekarioka.org

Gazteon lan baldintzak ez dira jolasa

Jolastu al duzu prekariokan jada? Eta zer moduz? Ondo? Ze gorputz utzi dizu? Baliteke gehiegikeria bat iruditu izana, baina hau gure errealitatearen parte bat da. Prekarietate honekin bizi gara eta gure bizitzan ez da joko bat, inondik inora. Prekarietateak oso larriak izatera heldu daitezkeen hamaika ondorio ditu, eta ezin ditugu arinkeriak bailiran ikusi.

Hala ere, prekarietatea hitza esan eta beti hurrengoak entzun behar izaten ditugu:

“Ez zaitezte horrenbeste kexatu. Ni txikia nintzenean horrela hasi nintzen lanean, eta nire lan gogorrari esker, pixkanaka-pixkanaka egoera hobetu nuen, gaur egun arte”. Ba oso ondo, zorionak. Baina guri, egiten dugun lan gogorra eginda ere, gutxiago ordaintzen digute edo ez digute kontraturik egiten eta txarrena: legea eskuan dutela egiten dute hori.

“Eskatzen duzuena ondo ulertzen dugu, baina diru gutxi dugu honetarako eta jende gehiagorengana heltzea nahiago dugu, baldintza txarragoetan baldin bada ere. Baldintzak hobetuko bagenitu, jende gutxiagori eskaini ahal izango genioke aukera hau”. Gure eskubideak ezin dira denen artean banatu, gutariko bakoitzarenak dira bere osotasunean. Aitzitik, inoiz, kromoen moduan trukatuko ditugu: “Ez, ez, anderea. Medikuak ezin zaitu hartu, bere garaian zu eskola publikora joan zinen eta”.

“Beitu, zuek duzuen arazoa eskolan lan egiten erakusten ez dizuetela da. Esfortzuaren kultura galdu duzue eta egun osoa sofan ematen duzue etzanda”. Ez genuke honi erantzuteko ardura hartu beharrik ere, baina jendeari iruditzen bazaio hilabete bukaerara heltzen ez garelako hiru enplegu izan behar izatea, ordaindu gabeko lan ordu extrak lan egitea edo jardunaldi osoa jardunaldi erdiko soldatagatik lan egitea esfortzuaren kulturarik ez izatea dela, ba zer egingo diogu.

Horregatik guztiagatik, Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik (EGK) gazteok pairatzen dugun prekarietatea ikustarazi nahi izan dugu; batzutan legeek eta besteetan utzikeriak babestuta bizirauten duen prekarietatea; krisiaren ondorio bezala justifikatzen den prekarietatea, askotan ere, gure arazoen kontrako errezeta bezala agintzen dena, prekarietatea bere horretan arazo bat ez balitz bezala.

Horrez gain, milaka aurpegi dituen prekarietate horren ikuspuntu berriak jaso nahi ditugu eta horregatik, zure komentarioak eskatzen dizkizugu: identifikatuta sentitu zaren kutxatiletan, deskribatzen den egoeran kasu berezi, triste ala pozgarriren bat ezagutzen duzun kutxatiletan, zure aburuz garrantzitsua den zerbait esatea ahaztu zaigun kutxatiletan edo, zuzenean, nahi duzun kutxatilan.

Gure helburu nagusia, gazteriaren errealitate honen irudia administrazioetara helaraztea da, bereziki, gazteria eta enplegu arloetan eskumenak dituzten administrazioetara eta hauen baitan, ardurak dituzten politikari eta teknikariengana. Horrela, haien lana egiten dutenean, gazteon egoera berezia eta errealitate gordina kontutan izango dute.

Honekin batera, gazteria, enplegua eta beste beldurrezko historia batzuen inguruan garatu ditugun hainbat txosten helarazten dizkizugu, gai zehatz batzuetan begirada sakonago bat emango dizutenak.

Guzti hau eta askoz gehiago
www.egk.org

Euskadiko Gazteriaren Kontseilua
“gazteok egina, gazteontzat”

Diruz lagundu dute:

Eusko Jaurlaritza
Gipuzkoako Foru Aldundia
Arabako Foru Aldundia